Bahá’í egutegiko egunik sagaratuena: Bahá’u’lláhk bere misioaren berri ematen du Jainkoaren mezulari gisa, Tigris ibaiaren ertzeko lorategi batean
Ridván («paradisua» arabieraz) bahá’í fedearen egunik garrantzitsuena da eta hamabi egun irauten du. 1863ko apirilean, Bahá’u’lláh (agintari persiar eta otomandarrek erbesteratuta urteak zeramatzana) Konstantinoplara joateko deitu zuten. Bagdadetik irten baino lehen, hamabi egunez Tigris ibaiaren ertzeko lorategi batean egon zen bizitzen, eta lorez eta arrosa-adarrez bete zituen jarraitzaileak. Han, lehen egunean, bere dizipulu hurbilenei jakinarazi zien bera zela Jainkoaren mezularia, Bábek iritsi zela iragarri zuena. Bahá’í komunitatearentzat, une hori gizadiarentzako aro espiritual berri baten hasiera izan zen. Ospakizunetan otoitzerako biltzen dira, testu sagaratuak irakurtzen dira, musika egoten da eta jai- eta gizarte-ukitua ere izaten dute. Egun honetan bahá’íen tokiko erakundeetako hauteskundeak ere izaten dira, demokratikoki eta aurrez hautagairik izan gabe. Ez dute klerorik, eta egun horretan aukeratzen dira urtean zehar komunitate bakoitza zuzenduko duten bederatzi boluntarioak.
Duela hamarkada batzuetatik hona, EAEko, Nafarroako eta Ipar Euskal Herriko bahá’í komunitateek elkarrekin ospatzen dute, Ridván inguruan; Batasun Festa handia izaten da, emanaldi artistikoak, otoitzak, jatordua eta dantzaldia egoten dira eta bahá’í nahiz beste edozein tradiziotako pertsonei irekitako ekitaldia izaten da.
