Dragoi formako txalupen lasterketek Qū Yuán poeta oroitzen dute, eta urteko eguzki-energia handieneko unea ospatzen dute, kosmologia taoistaren arabera
Txinako egutegiko lau jai handienetako bat da Duānwǔ Jié, herensugea gurtzeko erritualetan eta udako solstizioaren ospakizunetan sustraiak dituena. Chūn Jiék bezala, tradizio ezberdinak uztartzen ditu: herrikoia, taoista eta konfuziarra. Taoismoan, urteko yang energiarik handieneko unea da, eta herensugeak gorpuzten du. Kondairarik ezagunenak Rū Yuán poetarekin lotzen du, bere garaiko ustelkeria salatzeko bere burua ibaira bota zuenarekin; esaten denez jendeak zòngzi (banbu hostoetan bildutako arroz paketeak) bota omen zuen uretara bere gorputza babesteko. Udako bero handiaren ondoriozko gaixotasunetatik eta espiritu txarretatik babesteko erritualak ere badaude.
Dragoia (lóng) izaki onbera da Txinako kulturan, indarra, ura eta zori ona irudikatzen ditu, eta yang energiaren haragiztatzea da bere agerpenik bizienean. Botere inperialaren eta leinu zerutiarraren sinboloa ere bada.
Normalean, taoismoari lotutako talde gehienak ez dira erlijio-konfesio gisa erregistratzen, baizik eta borroka-arteen eskola, espiritualtasun-talde edo kultura-elkarte gisa. Euskadin badago erakunde bat erregistratuta, Espainiako Batasun Taoista, eta Gasteizen du egoitza. Xuanwu Pai leinukoa da, eta entrenamendu martzialak, filosofiak eta espiritualtasunak bide bat bera osatzen dute.
