IGNACIO ELLACURIA GIZARTE FUNDAZIOA
10 urte daramatza kulturen arteko bizikidetzan lan egiten, Ignacio Ellacuriaren legatu etiko, intelektual eta errukitsua inspiraziotzat hartuta.
Ellacuria Fundazioak 2006an ekin zion bere bideari, Bizkaiko gizartean gero eta eragin handiagoa zuen errealitate bati erantzun zehatza eta hausnartua emateko asmoz; munduko beste leku batzuetatik iristen ari ziren etorkinei, alegia. 2004. eta 2007. urteen artean, inoiz baino atzerritar gehiago iritsi ziren gure lurraldera, eta horrek irismen handiko gizarte-aldaketa bati eman zion bide. Gaurko Bizkaia ez da duela hamar edo hamabost urtekoaren berdina, hein handi batean, immigrazioaren fenomenoa dela-eta. Gizarteratzearen, partaidetzaren eta kulturen arteko bizikidetzaren erronkak lehentasun bihurtu dira.
Errealitate hori benetako deia izan zen Jesusen Lagundiarentzat. Errealitatea sakon aztertu zen eta migrazioen arloan esku hartzeko zentro bat irekitzea erabaki zen. Horrela sortu zen Ignacio Ellacuria Gizarte Fundazioa.
Izenaren aukeraketa ez zen kasualitate hutsa izan. Ignacio Ellacuria Portugaleten jaiotako (1930) jesuita bat zen, eta bere bizitza osoa eman zuen gizarte-justiziaren, bakearen eta bizikidetzaren alde lan egiten, El Salvadorren. Bertako nazionalitatea ere hartu zuen. Konpromiso intelektual, etiko eta politiko horren ondorioz, El Salvadorko armadak hil egin zuen 1989ko azaroaren 16ko egunsentian, beste bost jesuita eta bi laguntzailerekin batera, El Salvadorreko UCA unibertsitatean.
Ellacuriaren legatu intelektuala izugarria da. Bertatik, zenbait ezaugarri nabarmentzen ditugu, bidean lagun izan ditugunak. Gure erakundea harro dago Ignacio Ellacuriaren izena edukitzeaz, eta gure gain hartzen dugu horrek dakarren erantzukizuna. Haren figura inspirazio-iturri da guretzat. Haren ibilbideak laburbiltzen ditu, batetik, jendearen sufrimenduen eta eguneroko bizitzaren gizakundea, eta, bestetik, egituran eragina izango duen diskurtsoa eta posizionamendua eratzeko ahalmena. Puntu horretan bertan egon nahi genuke guk ere, fundazio gisa.
Ignacio Ellacuriaren figura, gure lanerako inspirazio-iturri
Ignacio Ellacuriak jatorrizko obra filosofiko itzela utzi zuen. Erail zutela 26 urte badira ere, haren pentsamoldearen eta bizimoduaren oihartzuna oraindik ere ikusten dira gizarte-justiziaren aldeko hainbat mugimendutan. Azaletik ikusi nahi ditugu haren lan batzuk, gure bidea argitzen baitute. Gaur egun, hark esandakoak migrazioen esparrura egokitzen saiatzen gara.
- “Errealitatea ulertzea, errealitatea gure gain hartzea eta errealitateaz arduratzea”.
Ellacuriaren adierazpide horrek gizarte-eraldaketarako egiten dugun lanean hiru une desberdintzera gonbidatzen gaitu. Hasierako unean (intelektuala), errealitatea ezagutu behar dugu, horretarako dugun gaitasuna eta tresna kritiko guztiak erabiliz. Hori da “errealitatea ulertzea”. Bigarrena, “errealitatea gure gain hartzea”, etikari dagokion espazioa da, errealitateari eta hark jende xumearentzat dituen ondorioei buruzko judizioa egitea dakarrena. Izan ere, Ellacuriaren gogoetak ez datoz liburuetatik, bizitzatik eta gehien sufritzen duten pertsonekin izandako harremanetatik baizik. Haren ezagutza arrazoimenarekin egindakoa da, baina bihotzetik igaro ondoren. Azkenik, une etikoaren ondoren une praktikoa dator, ekintzari dagokiona: “errealitateaz arduratzea”. Ekintza hori eraldatzailea da –askatzailea, esango luke hark–, eta abiapuntu gisa du errealitatea ez dagoela amaituta edo itxita; alderantziz, humanizazio handiagoa lortzeko aukerak barne hartzen ditu.
Hain zuzen ere, Ellacuria Fundazioaren lana errealitatea zintzo eta zorrotz aztertzetik dator. Azterketa hori are gehiago osatzen eta aberasten da egunerokotasunean migratzaileei ematen diegun laguntzarekin (haiekin egoten gara sufritzen dutenean, pozik daudenean eta gizarteari laguntzeko nahia dutenean). Eta, amaitzeko, gure errealitatea eraldatzeko, errukitsu eta abegitsuagoa egiteko, jarraibide zehatzak proposatzen ditu, bereziki “ahulagoak direnei” zuzenduta.
- “Ideologizazioaren” aurkako kritika eta lana, prozesu horrek errealitatea ukatu eta egungo egoera legitimatzen eta justifikatzen baitu.
Ignacio Ellacuriak bere lan intelektualaren zati handi bat erabili zuen berak “ideologizazio” deiturikoak desegiteko, errealitatea ezkutatzeko moduak besterik ez baitira. Ideologizazio horiek gizarte-bazterkeriako prozesuak natural bihurtu eta gauzen egoera legitimatu nahi dute, ezer alda ez dadin.
Gure lanean, etengabe ikusten dugu migratzaileen errealitatea desitxuratu egiten dela. Europako herrialde askotan ikusten dugu lotura faltsuak oinarri hartuta sortzen diren populismo xenofoboei aurre egiteko premia dagoela. Gizarteak pertsona askori segurtasunik edo itxaropenik ematen ez dienez, migratzailea mehatxu eta errudun gisa ikusten da. Europa eta bertako estatuak errefuxiatuak tratatzen ari diren modua da egoera horren adierazgarri.
Gure gizartea ez dago etorkinak itxuraldatzen eta gizatasunik gabe uzten dituen dinamika horretatik kanpo. Mekanismo horiek gizarte-bazterkeriarako eta oinarrizko eskubideak urratzeko prozesuak justifikatzen eta natural bihurtzen dituzte. Etorkinak, gure azpian daudenak izateaz gain, “gu” multzotik “kanpo” daudenak dira. Badirudi horrek bazterkeria indartzen duten politikak justifikatzen dituela. Gure lanaren zati da pertsonen eta kolektiboen arteko benetako topaguneak sortzea, errealitatea ezkutatzen duten maskarak kendu ahal izateko. Hartara, pertsonen bizitzak lehen eskutik ezagutu ahal izango ditugu, elkartasun partekatutako loturak sortuz.
- Albiste onak posible dira.
Etsi-etsian albiste onak behar dituen mundu honetan, errealitate historikoa aldaezina dela eta aurrez ezarrita dagoela esaten digute. Alabaina, errealitatea oinarri hartuta lan egitean itxaropena sortzen da, gauzak beste era batera egin daitezkeela ikusten baita. Hain zuzen ere, humanizazio handiagorako bidea hartuta.
Gure ekintzaren xedea da kulturen artean bizikidetza egon daitekeela erakustea; azken hitza ez duela bazterkeriak. Esperientzia zehatzen bitartez, desberdinen arteko loturak sortzen ditugu egunero, gatazkak modu eraikitzailean kudeatzen ditugu eta bizikidetzarako esparru komunak negoziatzen ditugu. Fundazioaren jarduerak “albiste onak” sorraraztea du helburu, immigrazioa “arazo” gisa ikusten den testuinguru honetan.
- Gizarte zibil antolatuaren indarra
El Salvadorko gerra krudelean bizikidetza, bakea eta ulermena sustatzeko ahaleginean, Ignacio Ellacuriak gizarte zibilaren espazioa eta haren protagonismoa sendotzearen alde egin zuen, eragile armatuen aurreko hirugarren espazio gisa (bi alde horiek elkarrezinak ziren erabat). Gizartea da muturreko aldeak elkar ulertzera eta hitz egitera bultzatzen dituena.
Era berean, gure fundazioak etorkinen erakundeak eta euren egiturak sendotzearen alde lan egiten du, gizartean erabat parte hartzeko mekanismo gisa. Gizarte-erakunde horiek onarpena eta gizarteratzea lortzen laguntzen dute, eta bizikidetzarako dinamikak babesten dituzte, migratzaileen eta harrerako herrialdeko gizarte erakunde nahiz erakunde publikoen arteko bitartekari-lanak eginez.
Aurrera begira
Egia da Ignacio Ellacuriak ez duela bere jarduera eta gogoeta migrazioaren gaira bideratu, bizi izan zuen garaiarengatik. Gaur egun, ordea, beste era batera izango litzateke seguruenik, kontuan hartuta fenomeno horrek bazterkeria-dinamika globalen ondorioz hartu duen indarra (baita Erdialdeko Amerikan ere).
Alabaina, kulturen arteko bizikidetzaren arloan gauzatzen dugun lan zehatzak euskal-salvadortar jesuitaren ideia nagusiak ditu oinarri. Gure lana gizartearen egungo errealitate eta egoera berrietara egokitzen bada ere, ideia horiek gugan eragina dute eta aberastu egiten gaituzte.
Ignacio Ellacuria Gizarte Fundazioaren hamargarren urteurren honetan, izena ematen digunaren izaera eta ibilbidea aldarrikatu nahi ditugu, eta haren legatua eguneratu eta etorkizunera bideratu, immigrazioaren eta fenomeno horren protagonisten errealitate zehatzetik. Espero dugu datozen urteetan irudimen eta konpromiso hori guztia behar bezala erabiltzen asmatzea.